2009/06/29

Ttiki Ttaka Elkarteak eskutitza bidali digu

San Bizente Ikastolako lagun Agurgarriok!

Nahiz eta zuek ere Ttiki-Ttaka Elkartearen bazkide eta partaide izan, ezin da denbora gehiago pasatzen utzi Araba Euskaraz 2009ko omenduen artean gure elkartea, Ttiki-Ttaka Arabako Errioxako eta Bianako Euskaldunon Elkartea, izaterakoan jaso dugun poztasuna eta esker ona zuei adierazteko.

Ttiki-Ttaka Elkartea 1992an jaio zenean eta egun dituen helburuak zoritxarrez hor jarraitzen du:
“Euskararen normalizazioa, euskararen presentzia: kalean, tabernan, dendan, futbol partiduetan, mahastietan, aurrezki kutxetan... leku guztietan".

Zoritxarrez denbora aurrera doa eta hezkuntza da, ikastolei esker, esparru bakarra gure eskualdean %50a gure hizkuntza bereganatzen dutelarik. Gainontzeko eskolek ez dutelarik ikasleen hizkuntzaren euskara maila egokia bermatzen.

Bizi dugun egoera ez da kasualitate hutsa, bi arrazoi nagusi daudelarik:

1- Gure eskualdeko gizartea, biztanleak konformatu, egokitu, ohitu egin gara bizi dugun egoera linguistikora.
2- Gaur egun arte gugandik hurbilen dauden administrazioek, hau da, udalek eta kuadrillak euskara anekdotikoki eta folklorikoki erabiltzen dute, benetan lehentasunen barruan ez dagoelarik hizkuntzaren normalkuntzaren aldeko lana eta baliabideak mahai gainean jartzea.

Ondorioz Ttiki-Ttaka Elkartea kultur ekintzak egiteaz gain, ume, gazte eta helduentzat, beti helburu nagusiaren bila lanean jarraituko du: etorkizunean benetan gure eskualde hau euskalduna izatea, gure ume eta gazteek euskara edozein lekutan erabiltzeko aukera izan dezaten.

Bukatzeko bene-benetan eskerrik asko eta besarkada handi bat San Bizente Ikastola osatzen duzuen guztioi izan duzuen detaile horrengatik eta ea denon lanarekin ttiki-ttaka, urratsez urrats, lortzen dugun gure helburua. Bitartean osasuna opa dizuegu denoi euskararen alde, gure hizkuntzaren alde lanean jarraitzeko.

Ttiki-Ttaka,
Arabako Errioxa eta Vianako Euskaltzaleon Elkartea

No hay comentarios: