2009/06/11

araba euskaraz: omenduak

TTIKI TTAKA

Arabar Errioxako eta Vianako euskaldunon elkartea 1992an sortu genuen. Garai hartan 15 urte inguru zeramatzaten euskaltegi eta ikastolek, eta kasik euskaldunik ez egotetik 100 euskaldun inguru izatera paseak ginen aipatutako urterako.
Ezin uka hau lortzea aurrerapauso handia zena, baina bazegoen eskualde honetan hutsune nabarmen bat euskaldun berrion kontra jotzen zuena. Hau da, ingurua, harremanak eta bizitzako esparru guztiak gazteleraz ziren eta horrela oso zaila egiten zen ikasitako
euskara erabiltzea eta mantentzea.
Egoera horri aurre egin nahian bertako zenbait euskaldunek beste herri batzuetako eskarmentua aztertu eta talde bat sortzea erabaki genuen: TTIKI-TTAKA.

Taldearen ezaugarriak ere zehaztu genituen:
Euskalduna: taldeak euskaraz funtzionatuko zuen. Partaideek ulertu eta hitz egiten moldatu beharra zuten.
Independientea: euskara izango zen bilduko gintuen elementu bakarra; hortaz, ez genuen izango lotura organikorik inolako alderdi edo elkarteekin.
Jokaera zabala: arrakasta irekitasunez eta zabaltasunez jokatzean zetzalakoan geunden, alegia, jokaera eta pentsaera askotako jendeak izango zuen lekua.

Egin ere gauza asko egin ditu Ttki-ttakak: aldizkaria 17. alera iritsi da, ekitaldi pila bat gauzatu dugu (hitzaldiak, bertso-afariak, antzerkiak, dantzaldiak...), gazteek ere ikastaro dezente izan dituzte (txalaparta, pandero, dj, graffiti...), begirale titulua lortzeko ikastaroak ere antolatu ditugu, udan herri askotan udaleku ireki euskaldunak antolatu ohi dira haurrentzat, Arabar Errioxako euskara eguna urte pila batez antolatu dugu herriak txandakatuz...

Hala ere, beti dago hobetzea eta Ttiki-ttakan hausnarketak etengabe gauzatu ditugu.
Duela hiruzpalau urte zonaldeko euskararen diagnosia gauzatu genuen. 10 urte bete zituen elkarteak eta sorreran egin genuen bezalaxe, azterketa sakon samar bat gauzatu genuen.
Zonaldeko ezagutza eta erabilera datuak aztertzeaz gain, Nazio Batuen Erakundearen lanak, Unescorenak, Eusko jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak eginikoak, Euskal Soziolinguistika Institutuak buruturikoak... kontrastatu genituen. Garbi zegoen, pausu handiagoen beharra du euskarak.
25 urte baino gehiago dira euskararen inguruko lanean eta ezin dela dena motibazio pertsonalean utzi ikusi dugu, denon inplikazioa behar-beharrezkoa da: gizabanakoona, hasieratik euskararen motorra osatu dugun ikastola, eskola, euskaltegi eta zenbait elkarterena, eta nola ez, Administrazioarena.

Momentuan 60 bazkidek, ikastola guztiek, eskola batek, euskaltegiak eta zenbait elkartek osatzen dugun TTIKI-TTAKA BERRIAk helburua ez du aldatu: gure eskualdean euskara normalizatzea, biziberritzea, hau da, euskarak hizkuntza batek bete ohi dituen funtzio guztiak esparru guztietan betetzea, lana, familia, harremanak...

Elkarteak lau esparrutan egingo du lan:
Bakoitzak bere zentroetan: dela ikastola kanpoko jardueretan, dela ikastola barruko erabilera areagotu nahian. Zentro bakoitzeko bazkideen jarrera eta jokaera hobetzeko asmoz...
Herri bakoitzean: ikasleekin, ikasle ohiekin, ikastola eta euskaltegiko ikasleak harremanetan jarri, herritarren inplikazioa eta konplizitatea lortu...
Eskualdean edo zonaldean: gure zentroak harremanetan jarri. Euskara Eguna, kanpotik datozen kontuak (Korrika, Ikastolen festetako autobusak antolatu, ...), euskara sustatzeko plana…
Topaguneko bazkide ere bada Ttiki-Ttaka , beraz Euskal Herri mailako ardura ere badugu.

Funtzionamendu egokia eta arina izan dezan elkarteak, 6 lan-multzo egin ditugu eta zentruen artean banatu. Ardura nagusiak Lantziegoko eskolak, Oiongo ikastolak, Vianako ikastolak, Lapueblako ikastolak, euskaltegiak eta Bastidako ikastolak hartu dituzte.

ABEL ENBEITA

Abel Enbeita orain dela 25 urte ezagutu genuen. Oioneraino etortzen zen gure ikasleei bertsotan irakasteko asmoz. Hura bai asmo ausarta! Baina aurrera egin genuen, bertso motzak nahiz luzeak, errima kaxkarrarekin edo errimarik gabe, oinarrizko hiztegiaz osatuta eta erdarakadekin, baina aurrera. Abel pazientziaz armaturik Arabar Errioxako umeak hizkuntzarekin jolas zezaten lortu zuen.
Bere lekukoa Euzkitzek eta beste hainbat bertsolarik jaso zuten, gaur egun Julen Zulaika eta beste bertsolari batzuk ditugu bertsoaren garra piztu nahian hauspoari eraginez.
Hona hemen Abel Enbeitak ekainaren 7an. Oionera egin zuen bisitan kontatu ziguna.
Familia osoarekin etorri zitzaigun eta egun zoragarria pasa genuen, nola bestela, zoragarria den familia batekin?

“Muxikan (Bizkaian) jaio nintzen bertsolari familia batean, aitona eta aita bertsolariak baitziren. Etxean beti euskaraz egiten genuen, nik zazpi urtera arte ez nuen gaztelera ikasi.
“Orain dela 40 urte etorri nintzen Arabara. Arabako bertso eskola sortu genuen, asko kostata, hasieran bertsolari gutxirekin baina gero eta gehiago daude. Aurten Arabako bi bertsolari joango dira Euskal Herriko txapelketara: Oihane Perea eta Asier Otamendi”
Bere semeak, Zigorrek, horrela adierazi zuen orduko egoera

Egun batean Bizkaitik hona
era batean zu jausi,
gure hizkuntza zegoenean
Araban erdi biluzi,
zure buruan hala eta guztiz
horren umil ta ez oinutsi
lana soberan baitago hemen
ta oso langile gutxi
“Nire bi semeak, Zigor eta Oier, bertsolariak dira ere bai. Zigor Arabako txapelduna izan da. Bi biloba dauzkat…”
“Nik Araban Errioxan lan egin nueneko oso oroigarri polita daukat: oso giro ona zegoen, eta denak oso ondo portatu zineten. Ikasle batzuk oso bertso onak egiten zituzten, batez ere neskek”.
“Eskerrik asko San Bizente ikastolari.”


LUIS MARI BENGOA

Luis Mari Bengoa bizkaitarra da jaiotzez eta arabarra adopzioz, baina non bizida? Errepidean esango genuke, beti dabil handik hona euskal jaiak eta batez ere herri kirolak aurkezten eta suspertzen.
Oionera ere hala agertu zitzaigun eguerdi partean, bere tronpeta atzeko asientoan zeramala (entzuteko aukera izan genuen, bai).
Hona hemen Abel Enbeitak egin zion bertsoa:

Hau zuretzako doa Luis Mari
Eta hartzazu arretaz
Garai batean hara eta hona
Elkarrekin zenbat buelta
Nil eskatzeko ohiturak eta zuk
Bankua dizuz beteta,
Baina gaur non utzi duzu beti
Ondoan zendun tronpeta?

Bengoak, euskara erabili du beti bere lanean, horrela ezagutu genuen Oionen ere bai, eta bere lana herriz herri, jairik jai joatea da Euskal Herriko ohiturak eta herri kirolak jende guztia ezagutu dezan.
Ez al duzue ikusi ondorengo jaietan?

Fiesta de la vendimia de R.Alavesa
Uzta berri Eguna. Lapuebla.
Feria de la Patata
Dia de la Trufa
Feria Perretxiko. Kuartango
Txakolinare Eguna
Udaberriko ezti eguna
Zaldiaren eguna
Feria Santiago Gasteiz
Feria Gastronomita Gasteiz
Baserritaren eguna. Laudio
Feria de Angosto
Artzain eguna
Feria Salvatierra
Feria Alubia Pinta alavesa
Feria San Martin

No hay comentarios: