2011/03/18

Ricardo Andollo eta Asensio Arana Gaur Goizean saioan

Albisteak

Ricardo Andollo eta Asensio Arana Gaur Goizean saioan

Euskara eta ni

2011-03-15

2011ko otsailean, Arabako Errioxako Euskaltzaleak eta Euskara Zerbitzuak proiektu bat abian jarri zuten Arabako Errioxan euskararekin loturiko bizipenen berri emateko helburuz. Honekin, euskararen normalizazioan lan egin dutenei eta lanean diharduten guztiei omenaldi bat eskainiz.

Bizipen hauek, Arabar Errioxa Irratiko Gaur goizean saioan zabaltzen ari dira, parte-hartzaileak lau bloke handitan estrukturatuta: ikastolen hastapenetan egondakoak, lehen belaunaldietan parte hartutakoak, helduen euskalduntze prozesuan parte hartu dutenak / ari direnak eta, azkenik, belaunaldi berriak.

Saio hauek, hilabeteko bigarren asteazkenean ematen ari dira goizeko 10:15ean hasita. Hogei minutuz aritzen dira irratira bertaratutako gonbidatuek euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko.

Martxoaren 9an, hau da, hilabete honetako bigarren asteazkenean, zita izan zen Arabar Errioxa Irratian. Oraingo honetan, Oiongo San Bizente Ikastolaren sorreran ibilitako bi pertsona etorri ziren orduko giroa eta pasadizoen berri emateko, baita, aurrera begira, egoera nola ikusten zuten azaltzeko.

San Bizente Ikastolaren hastapenetan egondako Ricardo Andollo eta Asensio Arana etorri ziren irratira martxoko zitan. Euskara beraientzat zer den galdetuta, oso erantzun desberdinak eman zituzten. Lehenengoak, garai hartan “urruneko” zerbait zela aipatu bazuen ere, euskaldunon hizkuntza dela argi ikusten du eta horregatik ikastolaren sortze-lanetan hasi zen. Bigarrenarentzat, euskara eguneroko hitzkuntza zen, Tolosakoa bera, betidanik erabili egin izan duen hizkuntza da euskara historiako momentu jakin batean, familian besterik ezin bazen erabili, kalean erabiltzea zigortuta baitzegoen.

Jatorri eta erabilera desberdina bizi izan zuten arren, argi zeukaten Oiongo proiektua lagundu eta aurrera ateratzea nahi zutela.

Hastapen guztiak bezala, San Bizente Ikastolakoak gogorrak izan ziren. Apustu gogorra egin zuten guraso hauek, beste batzuekin batera; bilera asko egin behar izan zituzten, bidaia asko Vitoria-Gasteizera, tartean beldur asko izanda..., baina, merezi izan duen lana dela esan zuten.

Gaur egun, ikastoletatik pasatako ikasle asko guraso dira edo segituan izango dira eta, horregatik, familia transmisioaren garrantzia azpimarratu zuten.

Gabezia handiena, kaleko erabilera dela uste dute. Hau da, gaur egun, jende askok ezagutzen duen hizkuntza izan arren, ez da ikastetxeetako eremutik haratago erabiltzen. Egoera beste bat izango zelakoan zeuden proiektu honen hastapenetan, euskara normalizatuago egongo zela uste zuten. Etorkizunera begira, beraz, hau izango dela erronkarik handiena uste dute, euskara plazara ateratzea. Ekintzak kalera ateratzearen garrantzia aipatu zuten, horrela, hizkuntza egunerokotasunean kontsolidatuko dela uste dute.

Erabileran guztiok lagundu dezakegu, hitz gutxi batzuk badira ere dakizkigunak, baina, hauek erabiltzearen garrantzia azpimarratu zuten behin eta berriro. Baita, euskara, ideologia politiko jakin baten hizkuntza ez dela ere esan zuten, gure herriaren hitzkuntza baizik, horrek egiten gaitu euskaldun.

Oraindik ere lan asko egin behar dela esan zuten, lehen aipatutako erronka lortu nahi bada, euskara plazara ateratzea, alegia, eta lan horretan, laguntza eskatu zuten edo, behintzat, trabarik ez jartzea.

Apirilaren 13an hurrengo Gaur goizean saioan izango dugu beste zita berri bat.

Euskararekin duzun erlazioa kontatu nahi al duzu? Bidali mezu bat ondorengo posta elektronikora: claguardia.lsueskun@ayto.alava.net.


3 comentarios:

Anónimo dijo...

Izan zirelako, gara; garelako izango dira.
Eskerrik asko Ricardo eta Asensio eta baita zuekin lan egin zuten guztiei ere.
Arantxa

Anónimo dijo...

oso ondo Ricardo eta Asensio


Iker

Anónimo dijo...

Mila esker bikote.
Zein berezia den zuekin daukagun harremana.
Eskerrik asko zuen prestotasunagatik, egin zenuten eta oraindik ere egiten duzuen euskararen aldeko lanagatik.
Gure oinarriaren zati bat zarete.
Maite