2007/02/07

Kandelarioz euria... laster da udaberria

Beno, bada, abestiak dioen moduan, gaur ostirala, euririk ez badu egiten oraindik elurra egin dezakeela esan nahi du. Beraz oraindik ez gorde txaketa potolo, eskularru, txano eta enparauak. Aurreko astean Euskal Herriko hainbat tokitan elurra izan zen eta egun batean irakasle batzuk ikastolara etorri ezinda geratu ziren, baina hemen Oionen ia ez zuen ezer egin eta ikasleek txintxo-txintxo ikastolara etorri beharra izan zuten. Halere, inguruak zuri-zuri egon direnez batek baino gehiagok izan du aukera elurretan gozatzeko.
Beno, apurka-apurka ikasturtea aurrera doa, Gabonak atzean utzi ditugu eta Santa Ageda eguna ate joka dabilkigu. Gutxi barru gure bidaia honetako bigarren ataka gainditu beharrean aurkituko gara; bigarren ebaluaketari buruz ari gara. Hori dela eta, ezin gara despistatu eta lanean tinko aritzea behar-beharrezkoa da. Animoa ez da galdu behar eta kemenez ekin behar diogu lanari. Tartean inauteriak izango ditugu eta ikastearekin batera ongi pasatzeko beta izango da, beraz batak bestea kentzen ez duenez, gozatu eta ikasi biak egin daitezkeela da garbi atera dezakegun irakaspena.

No hay comentarios: